Archive for Urria, 2008

WEB = INTERNET + HIPERTESTUA

Izenburuan argi ikus daitekeenez, gaur egun Web kontzeptuaz ezagutzen duguna Internet eta hipertestuaren arteko konbinaketa da. Baina zer da bi termino hauek adierazten dutena?

Hasteko, hipertestua era ez sekuentzialean irakur daitekeen dokumentua da; normalean digitala bada ere, ez du beti horrela izan behar. Hipertestua estekez (links) osatuta dago eta esteka horiek dira beste dokumentu batzuetara jotzeko aukera ematen digutenak, irakurketa sekuentziala edo ez sekuentziala bideratuz. Carlos Moreno Hernandezek honela definitzen du hipertestua Literatura e hipertexto lanean: bi testu edo testu blokeak elkarrekin esteken bidez lotuak. Moreno Hernandezek beste autore batzuek hipertestuari ematen dizkioten ezaugarriak biltzen ditu obra berean:

  • Linealtasun eza.
  • Irekia.
  • Multilineala edo lotua.

Bestalde, Internet mundu mailako ordenadore arteko komunikazio-sare erraldoia da, “sareen sarea” izenarekin ere ezaguna. Bere jatorria 1969 urte inguruan aurki dezakegu Estatu Batuetan, konputagailuen arteko lehenengo konexioa ezarri zenean, hain zuzen. Hasiera batean ARPANET zuen izena eta ikerketa zentro militarretako eta unibertsitateetako sistema informatikoak sare handi batean lotzeko sortu zen. Urte batzuk geroago, erabilpen militarrak alboratuta, beste erabiltzaileak sareaz baliatzen hasi ziren, ARPANET desagertuz eta Interneti hasiera emanez.

Sare honetan dokumentuak jartzeko HTML-a beharrezkoa da ( Hyper Text Markup Language). Garrantzia handikoa da Interneten txertatzen diren dokumentuak esteken bidez ondo antolatzea. Izan ere, antolakuntza desegoki baten ondorioz itzelezko nahasteak sor daitezke, erabiltzailea leku batetik bestera zentzurik gabe eramanez.

Beraz, dokumentu hipertestualen arteko loturak Interneten bidez ematen dira Web deritzoguna sortuz. “World Wide Web ” (mundu zabaleko armiarma-sarea) da izen osoa. Bertan aurkitzen dugun informazioa multimedia da. Aurretik aipatutako hipertestuaz gain, hipermediako teknikak ere erabiltzen dira, edo beste era batera esanda, testuak, irudiak eta soinuak biltzen dira. 

 Iturriak:

Leave a Comment

GOOGLE

Google izena entzutean, denori etortzen zaigu burura Interneteko bilatzailerik ezagunenetarikoa, baina hori al da soilik? Abantailak baino ez ditu? Zer ezagutzen dugu bilatzaile honi buruz? Orokorrean gauza gutxi; horregatik, fenomeno honi buruzko informazioa zabaldu nahi dut artikulu honen bitartez.

Stanfordeko (Kaliforniako) Unibertsitateko doktoreak diren Larry Pagek eta Sergey Brinek sortu zuten doktoretzako ikasle zirela. Hasiera batean BackRub izeneko proiektua baino ez zen, Java eta Python lengoaietan idatzia eta arkitekura sinplea zuena. Gainera, Stanfordeko Unibertsitateko domeinuaren azpian zegoen (google.stanford.edu), bertan erabiltzen baitzen. Gerora, 1997an, www.google.com domeinupean erregistratu zen eta urtebetera Google Inc. enpresa sortu zuten, izen bereko Interneteko bilatzailearen garapena helburu nagusia zelarik. Horrez gain, Interneteko beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte gaur egun, Gmail posta elektronikoa, Blogger plataforma edota 2006an bereganatutako YouTube, besteak beste.

Hasierakoarekin alderatuz gero, makina konplexuagoak erabiltzen ditu Google-ek egun, elkarrekin konektatutako PC arruntetan oinarritzen bada ere. Era honetan, saihestu egiten dira zerbitzari handiak erabiltzean sor daitezkeen arazoak (karga handiko momentuetan erantzuna moteltzea).

Google-en urteko diru sarrerak 7.000 milioi euro ingurukoak dira, 16.000 langile eta milioika erabiltzaile ditu. Abantailak? Erabilerraza eta azkarra izatea, eskaintza zabala edukitzea (konektatzen den edonoren nahiak asetzeko adina) eta hori guztia doan eskaintzea. Azken urteetan Google-ek harturiko garrantzia ikusita, Microsoftekin konparatzera ausartu dira. Kezkatuta ere agertu dira batzuk, Yahoo! enpresako Europako zuzendari nagusia den Toby Coppel, esate baterako. Honen ustetan, kezkagarria da enpresa batek merkatuan hainbeste botere izatea. Izan ere, Google-ek online publizitatearen zati esanguratsua du Europan eta bilaketa motorea eta atarien erosketak kontutan hartuta, kontinente zaharreko %50 baino gehiago kontrolatzen du.

Dena den, mundu mailan nagusienetakoa izan arren, itzal egiten diotenak ere badira. Yahoo! eta Microsoft-en Live Search izan dira orain arte Google-en arerio nagusiak. Azkenaldian garrantzia berezia ere bereganatu dute Txina eta Errusia bezalako merkatuetan azaldu diren bilatzaile berriek.

 Iturriak:

Leave a Comment

JOSEBA SARRIONANDIA

Inok agintzen ez didalako

dut maite

maite dudana.

Inork agintzen ez didalako

ditut basamortua eta izarlokak maite.

Itsasontzi noragabeak, gauerdiko biolinak

ilunabarren margoa, xorino hezurttoen higidura,

sagarrondoetan eskegiriko bihotz horiak,

tristura handiegia zaien neskatxak

eta zure irria, zure irria ere

inork agintzen ez didalako

dut maite.

“Inok agintzen ez didalako” izeneko poema hau gure herrian aski ezaguna den Joseba Sarrionandiak idatzitakoa da. Askoren iritziz Euskal Herriak inoiz eman duen poeta onenetarikoa dugu, baita esanguratsuena ere. Izan ere, izugarri liluratzen gaituzten poemak eta bere bizitzako zenbait gertaera dela eta euskaldun gehienentzat sinbolo eta erreferentzi bilakatu da.

Joseba Sarrionandia Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta fonetikako irakasle izan zen Bergarako UNEDen. POTT bandaren kideetako bat izan zen eta hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lehen lanak. 1980an espetxeratu zuten ETAko kidea zela eta. Bost urte geroago, 1985eko uztailaren 7an Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuen, bertan egon zen kontzertua amaitu zenean bafle batean sartuta.  Erbestean bizi da harrezkero, baina literaturaren bidez ematen digu urtero bere berri (bere ahotsa entzuteko aukera ere izan dugu azkenaldian zenbait grabazioren bidez). Hauek dira bere obra batzuk: “Izuen gordelekuetan barrena”, “Hau da ene ondasun guztia”, “Narrazioak”, “Hitzen ondoeza”, etab. Aipatu beharra dago bere poema asko musikatu egin dituztela hainbat abeslarik, Oskorrik, Ruper Ordorikak, Mikel Markezek, besteak beste. Horrez gain, Kortatu taldeak bere omenez idatzi zuen “Sarri, sarri” abestia, Sarrionandiaren ihesari buruzkoa.

Argi dago bere bizitzan jazotako gertaerek garrantzi handia izan dutela bere lanetan. Espetxeratua izan baino lehenagoko lanak ezagutzen ez baditut ere, gartzelatik ihes eginda idatzi dituen poema ugari irakurri ditut eta hauetan oso garbi sumatzen dira bere sentimenduak, esate baterako, Euskal Herritik urrun egoteak eta bueltatu ezin izanak eragiten diotena, edota gartzelan bizi izandakoa. Gai hori poema askotan jorratu arren, ez du era bortitzean egiten, nahiko gozo baizik, umorezko keinu batez akaso.

Non ote dago Joseba Sarrionandia? Ze itxura izango ote du gaur egun? Ziur nago noizbait denok egin dizkiogula galdera horiek geure buruari, erantzunik gabeko galderak direla jakin arren. Dena den, beti izango dugu gogoan bere liburuetan agertzen den argazki txikia, irribarre apalarekin agertzen den argazki hura.

 Bukatzeko, Harkaitz Cano euskal idazlearen hitzak aipatuko ditut: “los poemas de Sarri son limas que viajan dentro del pan y que nos ayudan, además de a limar los barrotes, a descolgarnos por las sábanas de la vida diaria”.

 

Leave a Comment