Archive for Martxoa, 2009

IKERKETA ZENTROAK (Q.1)

Lehenengo galdeketarekin bukatzeko, hona hemen giza lengoaiaren teknologiei buruzko ikerketak egiten dituzten zenbait zentro:

Euskadin, IXA Taldea aurkitzen dugu. Talde hau 1987an sortu zen eta bere helburu nagusia lengoaia naturalaren prozesamenduaren gainean ikerketak egitea da. Horrez gain, sistema erdi automatikoak egin edo egiten laguntzen dute, euskararentzat beharrezkoak eta onuragarriak direnak.

Alemanian, Language Technology Lab. DFKI LT (German Research Center for Artificial Intelligence) dago. Hauek lengoaiaren teknologiaren garapenean dabiltza lanean, testu, mintzaira eta jakituria teknika konputazional berrien bidez prozesatzeko.

Eskozian, Language Technology Group aurkitzen da. 1990. urtean eratutako talde honek lengoaia naturalaren prozesamenduari lotutako ikerketak burutu ditu gehienbat. Testuen prozesamenduan gauza daitezkeen benetako arazoei konponbidea ematen saiatzen dira. Talde hau Edinburgoko Unibertsitateko Institute for Communicating and Collaborative Systems-en zati da, lengoaia naturalaren prozesamendurako Europako komunitaterik handienetarikoa.

 Stanforden, The Stanford Natural Language Processing Group dago. Talde honetan unibertsitateko irakasleek zein ikasleek elkarrekin lan egiten dute. Beraien lanaren bitartez ordenagailuak giza lengoaia prozesatu eta ulertzeko gai izatea nahi dute.

 Iturriak:

Leave a Comment

MARTIN KAY ETA YORICK WILKS (Q.1)

Aurreko artikuluan zenbait adituk giza lengoaiaren teknologiei buruz duten ikuspegiaz aritu nintzen, eta oraingoan  alor horretan jardun duten beste bi gizon aurkeztuko dizkizuet:

Alde batetik, Martin Kay dugu. Hizkuntzalaritza konputazionalean egindako lanagatik ezaguna da zientzialari hau (Wikipediaren arabera, hizkuntzalaritza konputazionala giza lengoaia ikertzeko informatika erabiltzen duen arloa da; horretarako, ikuspegi konputazional batetik abiatzen da lengoaia naturala modelatzeko ahalegina eginez. Hizkuntzalaritza konputazionalak itzulpengintza automatikoa, ordenagailu bidezko corpus linguistikoa eta etiketatzaile berezi batzuen diseinua ditu aztergai besteak beste). Britainia Handian jaio eta hazitako gizon honek hizkuntzalaritza konputazionalean aitzindaria den Cambridge Language Research Unit-ean lan egin du, baita Kaliforniako Rand Corporation-ean ere, bertako itzulpengintza automatikoari buruzko ikerketen buru bihurtuz. Geroago, Kalifornia, Stanford eta Saarland-eko Unibertsitateetan aritu da. Bere ekarpenak garrantzia handikoak izan dira, batez ere linguistikaren bateratze funtzionalaren nozioa eta hizkuntzalaritza konputazionalean txertatutako chart parsing-a.

 Beste aldetik, Yorick Wilks aurkitzen dugu, 1939an jaioa. Bere lana lengoaia naturalen prozesamenduari lotuta egon da batik bat (Wikipediak dioenez, LNP adimen artifizialaren barnean kokatzen da eta lengoaia naturalen bidezko pertsona eta makinen arteko komunikaziorako mekanismo konputazionalen ikerketaz arduratzen da). Wilks-ek Sheffield eta Oxford-eko Unibertsitateetan lan egiten du. Bere ekarpenen artean garrantzitsuenetarikoa 70eko hamarkadan eginiko “Preference Semantics” izenekoa da. Metodo algoritmiko honek esaldi bati interpretazio koherenteena emateko aukera ematen du.

Iturriak:

Leave a Comment

GIZA LENGOAIAREN TEKNOLOGIAK (Q.1)

Artikulu honen bitartez lehenengo galdeketan proposatutakoari erantzuna ematen ahaleginduko naiz: zer dira giza lengoaiaren teknologiak? Iturri desberdinetara jo eta hainbat adituren idatziekin topo egin ondoren, honako hau da aurkitu dudana: 

Bartzelonako Unibertsitateko Joaquim Llisterriren arabera, lengoaiaren teknologiak edo teknologia linguistikoak izenekin ere ezagutuak, giza lengoaiaren teknologiak aplikazio informatikoetan integratuta aurkitzen ditugun guztiak dira. Hauek posible egiten dute testu idatzien tratamendua (itzulpengintza automatikoa edo zuzenketa ortografikoaren kasuan, esaterako) eta hizketaren prozesamendua (diktaketa automatikorako beharrezkoa, adibidez).

Hans Uszkoreit-ek dioenaren arabera, lengoaiaren teknologiak metodo konputazionalak hartzen ditu bere baitan, azterketarako eginda dauden ordenagailu programak eta tresna elektronikoak, hain zuzen ere. Horien bidez posible da testuak eta diskurtsoak sortu edo aldatzea.

Bukatzeko, Meraka Institutoak (African Advanced Institute for Information & Communication Technology) dio giza lengoaiaren teknologiei esker errezagoa egiten zaigula gizakioi makinekin elkarrekintzatzea. Hauen ustetan, onuragarria izan daiteke hori guztia jende askorentzat, mugikorraren bidez medikuntzari buruzko informazioa jaso nahi duen baserritarretik hasita, ordenagailuen arazo-konponbideetan aritu nahi duen zientzialarira arte.

Iturriak:

Leave a Comment