Archive for Urria, 2009

HEDATUZ LIBURUTEGI DIGITALA

Hedatuz dugu euskal zientzia eta kulturaren liburutegi digitala. Bertan 1918tik aurrera argitaratu diren monografiak eta artikuluak aurki ditzakegu, baita 1907tik RIEV aldizkariaren zenbaki guztiak ere.

Euskomedia (Eusko Ikaskuntzaren fundazioa, 2002ko otsailaren 18an sortua) da proiektu honen bultzatzailea. Beraien web orrialdean ondo azaltzen dute zein den Euskomediaren xede nagusia: “Eusko Ikaskuntzak eta kanpoko lagunek sortu eduki zientifiko eta kulturalak baliabide telematikoen bitartez zabaltzea da, euskal kultura eta gizarteaz interesa duten pertsonentzat baliagarriak izango direlakoan”.

Hedatuzen aurki ditzakegun artikuluak 5.000 baino gehiago dira, eta gai nagusi hauek jorratzen dira batik bat: historia, antropologia, artea, politika zientziak, soziologia eta hizkuntzalaritza. Kontsultak urtearen arabera egin daitezke (1907tik 2007ra) edota gaiaren arabera (20 gai eta 83 azpigai).

Webgune hau EPrints 3 izeneko software librean oinarritzen da. Software hau Ingalaterrako Southampton Unibertsitateko Elektronika eta Konputazio Zientzietako Eskolak sortu zuen. Hedatuzeko erabiltzaileak ATOM eta RSS erabiltzen ditu harpidetza egiteko. Gainera, egindako bilaketak ondorengo formatu hauetara esporta ditzake: ASCII Citation, BibTeX, Dublin Core, EP3 XML, EndNote, METS, MODS, OpenURL ContextObject, Refer eta Reference Manager.

Azkenik, eskuragarri dauden artikuluetatik hauek iruditu zaizkit interesgarrienak: lehen aipatutako RIEV aldizkariko artikulu guztiak eta Euskomediak eskaintzen duen Leizarragaren Testamentu Berriaren inguruko lana.

Iturriak:

Leave a Comment

PAPEREZKO LIBURUAK ETA LIBURU ELEKTRONIKOAK: DESBERDINTASUNAK

Azken urteetan eman den iraultza teknologikoak errotik aldatu du gure gizartea. Pixkanaka-pixkanaka ohitzen goaz teknologiaz inguratuta bizitzera, gure bizimoduaren alor guztietara hedatu baita. Aldaezinak ziruditen liburuak ere modernizatu egin dira dagoeneko: edizio mundua astindu duten liburu elektronikoak (edo ebook-ak) ditugu eskuragarri gaur egun. Zertan desberdintzen dira liburu mota berri hauek paperezkoetatik?

Liburu elektronikoa paperezko liburu baten bertsio digitala da. Askotan idazleek arazoak izaten dituzte paperezko liburuak argitaratzeko eta modu errazagoa da era elektronikoan egitea. Ebook-ak hainbat abantaila ditu, hala nola praktikotasuna, ekonomikoa izatea, baita dinamikoa eta bizkorra ere (itzulpenak, aukeraketak, e.a. egiteko gai da). Liburu elektronikoa liburu baten bertsio digitalaz gain berau irakurtzeko euskarria ere bada eta aparatu honek ere baditu bere alde onak, esate baterako, kontsultarako eta ikerketarako baliogarria izan daiteke eta informazio iturri ere bada.

Paperezko liburuak dituen abantailak ere ugariak dira: erabilterraza da, irakurketarako, aisirako eta ikasketetarako baliagarria, instrumentu hutsa baino gehiago balio patrimoniala duen objektua da, etab. Liburu elektronikoekin alderatuz gero, paperezkoak estatikoak eta pasiboak dira.

Bukatzeko, inprimatze kontuei erreparatuz, esan daiteke liburu elektronikoek paperezkoek baino erraztasun gehiago eskaintzen dituztela. Eskaeraren arabera argitaratzen duten editoreek eskaintza interneten jartzen dute lehendabizi eta horrela ez dute zailtasunik izaten argitaratu beharreko kopuruekin. Inprimatze digitalarekin bi arazo saihesten dira: itzulerek eragindako galera ekonomikoak eta deskatalogazioa (liburuek interneten jarraitzen baitute ikusgai).

Iturriak:

Leave a Comment