Posts Tagged xml 0910

MARKAKETA LENGOAIAK

Markaketa lengoaiak lengoaia informatikoak dira, testuen egitura, itxura eta formatua adierazteko markak edo etiketak erabiltzen dituztenak. Testuaren jatorrizko edukiari funtzio edo esanahi jakin bat duten testu etiketak gehitzen dizkiote eta, era honetan, programa informatikoak modu egokian interpretatu eta agertzen dira. Hauek dira markaketa lengoaien aurrekariak:

  1. Scribe: markaketa deskriptiboa bideratu zuen lengoaia da, Brian Reid informatikariak garatua. Sortu zenean itzelezko iraultza suposatu zuen, lehenengo aldiz argi banatu baitziren edukia eta formatua. Scribe-k ondoren etorri diren sistemetan eragina izan du.
  2. TeX: Donald Knuth informatikariak garatutako tipografia sistema bat da. Eremu akademikoan asko erabiltzen da, matematikari, fisikari eta informatikarien artean bereziki. Software aske, partekatu eta kalitate handikoaren sinonimotzat hartu izan dute askok.
  3. LaTex: Leslie Lamport informatikariak garatu zuen testuen konposaketa sistema bat da. Artikulu akademiko, tesi eta liburu teknikoen osaketarako asko erabiltzen da. Aginduak bidaltzen ditu letra motak sinplifikatzeko eta  erabiltzailea testuaren egituran (eta ez formatuan) kontzentratu dadin.
  4. BibTeX: erreferentzia zerrenda bati formatua emateko erabiltzen den erreminta da. Informazio bibliografikoa honen aurkezpenetik bereizi egiten du; horrela, erraztu egiten da erreferentzi bibliografikoen eraketa. Oren Patashnik-ek eta Leslie Lamport-ek garatu zuten.
  5. GML (Generalized Markup Language): etiketen oinarriari aplikatzen zaien azalpen multzoa da. Kapituluak, atal garrantzitsuak, paragrafoak, zerrendak, taulak, e.a. deskribatzeko balio du.
  6. SGML (Standard Generalized Markup Language): dokumentuen antolaketa eta etiketatzerako sistema da.

Egun, HTML-a (Hyper Text Marcup Language) da markaketa lengoaiarik ezagunenetarikoa, web orrialdeak egiteko sortua. Honen helburuetako bat informazioa egituratzea da. Markaketa lengoaia honez gain, XML-a (eXtensible Marcup Language) ere badugu, HTML-ak zituen gabeziak gainditzeko asmoz sortua. Lengoaia hedagarri honek erabiltzaileei euren elementuak sortzeko aukera ematen die, eta egituratutako datuak informazio sistema desberdinetan partekatzea du helburu.  HTML-ak datuak erakusteko balio duen bitartean, XML-ak datuak deskribatzen ditu. Aipatutako markaketa lengoaia bi horien batuketaren ondoria da XHTML deritzoguna (eXtensible Hyper Text Marcup Language). Web orrialdetarako estandar gisa HTML-a ordezkatzeko sortu zen, garatuagoa baitago eta egitura zorrotzagoa baitu. Gainera, XML-aren erreminta ugari erabiltzen du.

Iturriak:

Leave a Comment

HEDATUZ LIBURUTEGI DIGITALA

Hedatuz dugu euskal zientzia eta kulturaren liburutegi digitala. Bertan 1918tik aurrera argitaratu diren monografiak eta artikuluak aurki ditzakegu, baita 1907tik RIEV aldizkariaren zenbaki guztiak ere.

Euskomedia (Eusko Ikaskuntzaren fundazioa, 2002ko otsailaren 18an sortua) da proiektu honen bultzatzailea. Beraien web orrialdean ondo azaltzen dute zein den Euskomediaren xede nagusia: “Eusko Ikaskuntzak eta kanpoko lagunek sortu eduki zientifiko eta kulturalak baliabide telematikoen bitartez zabaltzea da, euskal kultura eta gizarteaz interesa duten pertsonentzat baliagarriak izango direlakoan”.

Hedatuzen aurki ditzakegun artikuluak 5.000 baino gehiago dira, eta gai nagusi hauek jorratzen dira batik bat: historia, antropologia, artea, politika zientziak, soziologia eta hizkuntzalaritza. Kontsultak urtearen arabera egin daitezke (1907tik 2007ra) edota gaiaren arabera (20 gai eta 83 azpigai).

Webgune hau EPrints 3 izeneko software librean oinarritzen da. Software hau Ingalaterrako Southampton Unibertsitateko Elektronika eta Konputazio Zientzietako Eskolak sortu zuen. Hedatuzeko erabiltzaileak ATOM eta RSS erabiltzen ditu harpidetza egiteko. Gainera, egindako bilaketak ondorengo formatu hauetara esporta ditzake: ASCII Citation, BibTeX, Dublin Core, EP3 XML, EndNote, METS, MODS, OpenURL ContextObject, Refer eta Reference Manager.

Azkenik, eskuragarri dauden artikuluetatik hauek iruditu zaizkit interesgarrienak: lehen aipatutako RIEV aldizkariko artikulu guztiak eta Euskomediak eskaintzen duen Leizarragaren Testamentu Berriaren inguruko lana.

Iturriak:

Leave a Comment

PAPEREZKO LIBURUAK ETA LIBURU ELEKTRONIKOAK: DESBERDINTASUNAK

Azken urteetan eman den iraultza teknologikoak errotik aldatu du gure gizartea. Pixkanaka-pixkanaka ohitzen goaz teknologiaz inguratuta bizitzera, gure bizimoduaren alor guztietara hedatu baita. Aldaezinak ziruditen liburuak ere modernizatu egin dira dagoeneko: edizio mundua astindu duten liburu elektronikoak (edo ebook-ak) ditugu eskuragarri gaur egun. Zertan desberdintzen dira liburu mota berri hauek paperezkoetatik?

Liburu elektronikoa paperezko liburu baten bertsio digitala da. Askotan idazleek arazoak izaten dituzte paperezko liburuak argitaratzeko eta modu errazagoa da era elektronikoan egitea. Ebook-ak hainbat abantaila ditu, hala nola praktikotasuna, ekonomikoa izatea, baita dinamikoa eta bizkorra ere (itzulpenak, aukeraketak, e.a. egiteko gai da). Liburu elektronikoa liburu baten bertsio digitalaz gain berau irakurtzeko euskarria ere bada eta aparatu honek ere baditu bere alde onak, esate baterako, kontsultarako eta ikerketarako baliogarria izan daiteke eta informazio iturri ere bada.

Paperezko liburuak dituen abantailak ere ugariak dira: erabilterraza da, irakurketarako, aisirako eta ikasketetarako baliagarria, instrumentu hutsa baino gehiago balio patrimoniala duen objektua da, etab. Liburu elektronikoekin alderatuz gero, paperezkoak estatikoak eta pasiboak dira.

Bukatzeko, inprimatze kontuei erreparatuz, esan daiteke liburu elektronikoek paperezkoek baino erraztasun gehiago eskaintzen dituztela. Eskaeraren arabera argitaratzen duten editoreek eskaintza interneten jartzen dute lehendabizi eta horrela ez dute zailtasunik izaten argitaratu beharreko kopuruekin. Inprimatze digitalarekin bi arazo saihesten dira: itzulerek eragindako galera ekonomikoak eta deskatalogazioa (liburuek interneten jarraitzen baitute ikusgai).

Iturriak:

Leave a Comment

AUTOREAREN IRUDIA

Gaur egun ezagutzen dugun autorearen irudia aldatuz joan da inprentaren sorreratik gaur egunera arte. Artikulu honen bidez aldaketa horien berri ematen eta sortutako zenbait arazo azaltzen saiatuko naiz.

María Jesús Lamarcak dionez, kultura klasikoan (kapitalismoaren sorrera baino lehen) autorearen irudia ez zegoen hain finkatuta. Oso arrunta zen garai hartako gizartean besteen testuen erabilpena eta ekoizpena. Horrela sortu ziren, esate baterako, hainbat erlijiotako liburu sakratuak, Homeroren lanak; hor ditugu baita ere Shakespeare-ren obren plagioak, James Joyce-ren liburuetan aurkitzen diren beste autoreen testuak e.a. Denborarekin, autorearen irudia indartuz joan zen, honen subiranotasuna onartuz. Autorearen irudiak bi kontzeptu zeramatzan itsatsirik: testuaren finkapena eta jabetza materiala.

Hipertestuaren sorrerak hankaz gora jarri ditu orain arteko autorearen irudia eta autoretza kontzeptua. Mila gauza egin dezakegu Web-ean aurkitzen dugunarekin: ikusi, zerbait gehitu, kopiatu, bererabili eta beste testu batzuekin nahastu, etab. Informazioa Web-ean jartzen denean gizarteratu eta bere kontrola galdu egiten dugu. Idatzi duguna jadanik ez da gurea soilik.

Hainbat idazle jabetza intelektualaren aldekoak dira, baina badago kontra agertu denik ere. Rafael Sánchez Ferlosio horietako bat da. Honen arabera, idazleen idatziak eremu publikokoak dira eta beraien helburu nagusia izkiriatu dutena ahalik eta jente gehiagori helaraztea izan beharko litzateke, eta ez dirua irabaztea. World Wide Web-aren sortzailea den Tim Berners-Lee-k ere antzeko aldarria egin du. Bere ustez, diru publikoak finantzatutako ikerketa zientifikoen inguruko dokumentuek Interneten bidezko hedapena izan behar dute eta mundu guztiarentzat zabalik egon beharko lukete.

Iturriak:

Leave a Comment